Albisteak

 

Bizkaia Athletic zalea da, eta Athletic Bizkaiaren zati bat, bizkaitar guztiena. San Mames ere bizkaitar guztien zati bat da. Hori dela eta, Aldundiak eta klub zurigorriak zelaiaren ateak irekiko dizkiete bisitatu nahi duten pertsona guztiei, bi egunetan, datozen ostegun eta ostiralean, hau da, irailaren 3 eta 4an. Hain zuzen ere, 19. atea irekiko da San Mamesera sartu ahal izateko; ez da beharrezkoa izango aurretik sarrerarik izatea edo erreserbarik egitea. Jendea heldu ahala sartuko da, eta zorrotz beteko da hurrenkera hori. Aukera egongo da ordutegi zabal batean sartzeko: 10:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

Bisitan ibilbide hau proposatzen da: lehenengo, ekialdeko tribunara; gero, iparraldekora eta nagusira, 1 zenbakiko atean amaitzeko. Ezin izango da soropilera sartu, ez eta aldageletara eta gainerako instalazioetara ere.

Hala ere, zelaitik irten aurretik, zale guztiek izango dute aukera betiko oroitzapen bat izateko; izan ere, argazki bat atera ahal izango dute Athletic Clubek Bartzelonaren aurka irabazitako Superkoparekin batera.

Ekimen honen bidez, Aldundiaren eta Athleticen nahia gauzatuko da: San Mames Bizkaiko gizarteari irekitzea. Era berean, talde zurigorriaren beste nahi bat ere beteko da: superkopa zaleei eskaintzea bizkaitar ugarik jokalariei abuztuaren 18an Bilbon eginiko harreraren ostean (Camp Noun kopa irabazi eta ordu batzuetara). Baina, ekimen horren bidez, Bizkaiko Batzar Nagusien desio bat ere beteko da. Izan ere, pasa den agintaldian, aho batez, arauz kanpoko proposamen bat onartu zuten Aldundiak Athletici eska ziezaion bazkide ez diren herritarrek aukera izan zezatela zelaia ikusteko. Zelaia eraikitzeko eginiko inbertsio publikoa zen eskaera horren justifikazioa.